Udazken beteko giroa asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko ira. 14a, 16:28

Euria eta tenperatura bereziki baxuak izango ditugu asteburuan; uda astronomikoa bukatu barik udazken amaierako giroa. Domeka izango dugu egunik lehorrena, baina zerbait bota, botako du.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Ipar mendebaldeko haizeak zaparradak ekarriko dizkigu egun guztian zehar. Zaparraden artean ostarteak zabalduko diren arren, egun nahiko hodeitsua izango da. Garairako tenperatura baxua izango da ordurik beroenetan 16ºC inguru izango baititugu.

Zapatua: Aldaketa handirik ez. Akaso tenperaturak graduren bat gehiago egin lezake behera.

Domeka: Haizeak ipar ukitua galdu eta ondorioz zaparradak ez dira hain maiz sartuko kostaldetik barnealdera. Ostarteetan eguzkia azalduko denez, tenperaturak zertxobait egingo du gora, oraindik fresko egingo badu ere.

Gaur eragin digun frontea Ipar Atlantikotik datorren aire masa hotzak dakar bultzaka. Aire masa honek tenperatura oso baxuak eta euria ekarriko dizkigu datozen egunotan.

Datorren asterako eboluzioa

Astelehen eta martitzenean domekaren ildo beretik jarraituko dugu, euria gero eta urriagoa izango bada ere. Eguaztenetik aurrera tenperaturak garairako balio normalagoetara bueltatzeko itxura du.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.