Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna hodeitsu hasiko da, egunean zehar ostarteak ere egongo badira ere. Haizea aldakor ibiliko da eta tenperatura 17-28ºC artean. Hezetasun altuaren ondorioz sargori puntua igarriko da eta arratsalde partean ekaitza lehertu eta zaparradaren bat edo beste bota lezake.
Zapatua: Hodeiak eta ostarteak berriz ere eta sargori. Ekaitzak sortzea espero dugu berriro. Hego ekialdeko haizea dela eta tenperaturak nabarmen egingo du gora 34ºC ingurura helduz.
Domeka: Gau oso epel bat eta gero, halakoa izango da eguna. Sargori eta ekaitz arriskua beste egun batez, tenperaturak zertxobait behera egingo badu ere. Hala ere, hego ukituko haizearekin jarraituko dugu eta bero egingo du, 30ºC-tara iritsiz ordurik beroenetan.
Atlantikotik Iberiar Penintsulara helduko den depresio batek hego haizea eta alturan aire hotza ekarriko dizkigu. Gurean giro sargoria eta ekaitzak sortzeko konbinazio aparta.
Datorren asterako eboluzioa
Uda bukaeran heldu ohi diren depresio hauen eboluzioa nahiko kaotikoa izan ohi da eta detaileak egunez egun jarraitu beharra izan ohi da. Hala ere, datorren astean depresioak inguruan geratzeko asmoa dirudi. Ondorioz, giro epel eta trumoitsuak eguaztena arte behintzat jarraitzea espero dugu. Aurrerago ipar ukituko haizeari eta tenperatura freskoagoei pasu emango diogula dirudi baina, esan bezala, hobe egunez egun egoera jarraitzea.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.