Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna oso hodeitsu eta zirimiriarekin hasiko da. Ordu zentraletan atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira, arratsalde nahiko eguzkia geratuz.Eguenekoarekiko tenperatura igoko bada ere, ipar ukituko haize ahulak termometroak 20ºC-tan etengo ditu ordurik beroenetan.
Zapatua: Aurreko egunaren alderantzizko eguna, hodei gutxirekin eta eguzkitsu hasiko da, arratsaldean hodeiak sartu eta zirimiriaespero baita.Tenperaturari dagokionez, pare bat gradu igoko da altuena eta pare bat jaitsi baxuena.
Domeka: Hodeiak eta ostarteak izango ditugu zeruan eta ez dugu euririk espero. Tenperaturak bere horretan jarraituko du, udako ohiko tenperaturaren azpitik, baina atsegin.
Azoreetako antizikloiak ipar haize ahula, hodeiak eta aire freskoa bidaltzen jarraitzen digu. Asteburuan hala jarraituko du.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenean fronte bat heldu eta euria espero dugu berriro, ahula izango bada ere, giro goibel eta bustia ekarriz. Santiago egunean hobera egingo du zerbait, arratsaldetik aurrera batez ere. Santa Ana egunerako eguraldiak nabarmen hobetzea espero dugu, udako giroa bueltan etorriz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, ECMWF, AROME eta ARPEGE eredu numerikoak.