Eguzkia bueltan astebururako

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko uzt. 13a, 22:50

Hobekuntza nabarmena eguraldiari dagokionez asteburuan. Barixakua fresko eta hodeitsua izango den arren, zapatu eta domeka eguzkitsuak izango dira. Tenperaturak ere gora egingo du.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna oso hodeitsu eta zirimiriarekin hasiko da ziurrenik. Ordu zentraletan atertzera egingo du eta ostarteren bat zabal liteke zeruan. Ipar ukituko haize ahulak termometroak 21ºC-tan etengo ditu ordurik beroenetan.

Zapatua: Eguna behe hodeiekin hasiko bada ere, eguzkiak hauek desegin eta eguerdi eta arratsalde eguzkitsuaz gozatzerik izango dugu. Eguzki berari esker termometroek gora egingo dute, 24ºC ingurura iritsiz arratsaldean.

Domeka: Goiz goizetik zeru garbiarekin esnatuko gara eta goizeko tenperatura jaitsi egingo da hortaz. Hala ere, eguzkiak nabarmen igoko du tenperatura eta arratsalderako baita 28ºC ingurura igo ere.

Azoreetako antizikloia gertu izatearen bi aurpegiak aurkezten dituen liburuko egoera daukagu aste honetan. Egonkortasunak eta uda bete-beteko eguzki indartsuak Iberiar Penintsula kixkaltzen duen bitartean Kantauri itsasotik gertuko inguruak salbu mantentzen ditu gure Azoreetako lagunak. Antizikloiek ipar hemisferioan erlojuen norantzan zirkularazten dute airea eta, izena ematen duten irletan zentratzen direnean, ipar haizea bidaltzen dute hona. Ipar haizeak, noski, giro freskoa ekarri ohi du gurera, eta baita hodeiak ere.

Datorren asterako eboluzioa

Penintsulako beste txokoetan beroak pixka bat ahultzera egitean helduko zaizkigu guri pare bat egun bero-edo. Antizikloiak ahuldu eta Mediterraneoraka joatean gertatuko da hori eta astelehen eta martitzenean 30ºC-tik gora igotzea eragingo du. Hala ere, egoerak ez du luze iraungo, eta eguaztenetik bertatik aurrera freskatu eta giroa desegonkortzea espero dugu.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.