Asteburu nahasia

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko uzt. 6a, 17:40

Eguraldi aldakor eta nahasia izango dugu asteburuan, zaparradak egunero bota baditzake ere, ateruneak ere luzeak izango baitira. Egunik euritsuena zapatua izango da, goizeko ordu txikitan bereziki. Tenperatura udako balio normaletan ibiliko da, 21-29ºC arteko maximoekin.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Hodeiak eta ostarteak zeruan eta sargori egingo du. Iluntzean ekaitzak joko du ziurrenik, gauean zaparradak esperoz. Tenperatura 17-29ºC artean.

Zapatua: Zerua estalirik egongo da eta zaparradak noiznahi espero dira. Hala ere, ez du etengabe botako. Tenperaturak behera egingo du, altuenak 21ºC-tan geldituz.

Domeka: Goiz eta iluntze hodeitsua eta eguerdi parte eguzkitsua espero da. Ipar ukituko haizeak tenperatura fresko mantenduko du. Euri kontu handirik ez da espero, baina zerbait botako du, egunaren hasiera eta bukaeran aukera gehiagorekin.

Altueran isolatutako aire masa hotz batek eragingo digu datozen egunotan. Iberiar Penintsulako zati handi batean ekaitz ugari, bortitzak asko, sortuko dituen arren, gurean ez du hainbesteko eraginik izango. Hala ere, giroa nahastu, nahastuko du eta ekaitzen bat edo beste ekarriko dizkigu.

Datorren asterako eboluzioa

Ipar ukituko haize ahulak dominaturiko astea izango dela dirudi hurrengo aste hasiera behintzat. Azoreetako antizikloia nahiko egonkor zentratuko da izena ematen dien uharteetan, gurera itsasotik datorren aire masa fresko eta hezea sartuz. Honek giro hodeitsu, heze eta freskoa ekarriko dizkigu, euri kontuak hodeitzaren sendotasunak sor lezakeen zirimiriaren menpe utziz.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.