Astebururako iragarpena
Barixakua: Giro freskoa, uda betean egoteko hotza esan daitekeena ere. Zerua estalirik egongo da eta euria egingo du. Mendebaldeko haize finak ipar ukitu pixka batekin joko du eta tenperatura maximoa 16ºC exkaxetan geratuko da.
Zapatua: Aurreko egunaren antzeko eguraldia izango dugu. Zeru estalia, euria eta ipar mendebaldeko haize freskoa. Tenperaturari dagokionez aldaketarik ez, eta akaso, aurreko egunean baino zertxobait gutxiago bustiko du.
Domeka: Eguraldiak apur bat hobera egitea espero da. Eguna estalirik eta euri apur batekin hasiko bada ere, ostarteak zabalduko dira eta ordu zentraletan tenperatura balio goxoagoetara igoko da. Hala ere, ipar haize ahulak nekez utziko die termometroei 20ºC-tako muga pasatzen. Arratsalde bukaeran zerua berriro estali eta zirimiria bota lezake.
Aurreko astean Iberiar Penintsula kixkali zuen aire masa beroaren tokia Ipar Atlantikoan jatorria duen aire masa hotz batek hartu du aste honetan. Ondorioz, sekulako tenperatura beherakadak egon dira ez gurean bakarrik, Europa mendebalde osoan ere.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenean ez da aldaketa handirik espero domekarekiko; bai, ordea, martitzenean, tenperaturak nabarmen egingo baitu gora eguzkiaren laguntzaz. Hala ere, badirudi eguaztenetik aurrera giroa berriz petralduko dela. Edozein modutan, datorren asteko tenperaturak garaiko balio normaletatik gertuago ibiliko dira aste bukaera honetan baino.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.