Eguzkia jaun eta jabe asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko eka. 15a, 17:35

Eguraldi paregabea egingo du asteburuan. Zerua oskarbi egongo da eta, eguzkiak tenperatura igoko badu ere, ipar ukituko haizeak ez dio orokorrean larregi berotzen lagako.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna hodeitsu hasiko da eta zirimiria bota lezake egunaren lehen erdian. Arratsaldetik aurrera hodeitza gutxitu eta arratsalde bukaerarako ostarteak nagusitzea espero da. Ipar ukituko haizea ibiliko da eta tenperatura 14-22ºC artean.

Zapatua: Oskarbi goizetik gauera, haizea noraezean goizean eta ipar ukituko brisa arratsaldean. Tenperatura 14-27ºC artean.

Domeka: Aurreko egunaren parekoa. Akaso tenperatura maximoa pare bat gradu altuagoa.

Iberiar Penintsulako txoko gehienak kiskaltzen diharduen bero boladak ez du gurera heltzerik izan. Azoereetako antizikloiak eragindako ipar ukituko haize leunak Kantauri itsasotik freskotasuna dakarkigu, laino eta zirimiri eta guzti azken egunotan. Asteburuan itsasoaren eragina pixka bat gutxituko da, eguzkiaz gozatzeko aukera emanez. Hala ere, bero kontuak ez dira beste munduko ezer izango. Dirudienez, hau baino, datorren astea izango da beroa gurean.

Datorren asterako eboluzioa

Domeka eta astelehen arteko gauean bertan hego ukituko haizea sartuko dela dirudi, gauean freskotzea ekidinez. Ondorioz, astelehena egun beroa izango da, 30ºC-tik gora ziurrenik. Hurrengo egunak ere beroak izango direla dirudi, ekaitz arriskuarekin, baina oraindik dezente falta da eta ziurgabetasuna handia da.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.