Hodeiak eta ostarteak asteburuan, tenperatura aldaketa handiekin
Hego haize eta kostako brisaren arteko borrokak hodeiak eta eguzkia alternaraziko ditu, termometroak gora eta behera mugitzeaz gain. Eguen eta barixaku arteko gaueko ekaitzak izan ezik, ez da euri konturik espero, kostaldetik sartzen diren hodeiek zirimiria utzi badezakete ere eguzkiak gutxien berotzen duen orduetan.
Astebururako iragarpena
Barixakua: Hodeiak eta ostarteak izango ditugu zeruan eta ipar haize ahulak ez dio eguzkiari tenperatura larregi igotzen lagako. Hala ere, tenperatura nahiko atsegina izango dugu, 21ºC inguruko maximoarekin.
Zapatua: Zerua nahiko garbi egongo da egunaren lehenengo erdian eta hego ukituko haize ahulari esker dezente berotuko du eguerdi parterako. Arratsaldean kostaldetik brisa helduko da eta nabarmen freskatzeaz gain, lainoren bat edo bestek lortuko du mendi gaina igarotzea, Maltzagatik buelta emanda bada ere. Hodeiek zirimiria uztea ez da baztertzen. Tenperatura altuena eguerdi partean emango da eta 30ºC ingurukoa izango da. Behin brisa sartzean 20ºC pasa ingurura jaitsiko da.
Domeka: Hodeitsu goiz eta iluntzean eta ostarteak nagusi ordu zentraletan. Ipar haize ahula eta tenperatura atsegina, 16-24ºC artean.
Uda hasierako eguraldi ohikoa. Iberiar Penintsulara helduko den aire masa beroaren eta oraindik fresko dagoen Kantauri itsasoaren arteko borrokak baldintzatuko du eguraldia. Brisa sartu ala ez, halako eguraldia izango dugu datozen egunotan
Datorren asterako eboluzioa
Iberiar Penintsulan uda beteko hilabeteei dagozkien aire masa beroa finkatuko da gaurtik bertatik hasita eta, datorren astearen hasieran behintzat, hala jarraituko du. Gurera, ordea, Azoreetako antizikloiak noizean behin iparra sartu eta termometroak balio jasangarriagoetan utziko ditu. Edozein modutan, udako eguraldia datozen egunotakoa. Bai beroa eta baina zirimiria ere udako lagun komunak dira eta.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.