Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguraldi nahiko aldakorra izango dugu. Goiza goibel eta euri apur batekin hasi, eguerdi partean atertu eta zerua garbitu eta arratsaldean berriro okertuko da. Iluntze aldera espero da euri gehien, eta gauean ia etengabe botako du. Tenperatura maximoa 22ºC ingurukoa, baina eguerdian emango da eta gutxi iraungo du. Gainontzean, 17ºC inguruan ibiliko da.
Zapatua: Asteburuko egunik euritsuena izango da, dezente freskoa gainera. Egunak oso euritsu hasi eta egunak aurrera egin ahala intentsitate zein maiztasun gutxiagoarekin botako du. Hala ere zeruak egun guztian zehar estalirik jarraituko du eta euria edonoiz bota lezake. Ipar haizeak tenperatura 12-17ºC artean mugiaraziko du.
Domeka: Eguna garairako hotz, lainotsu ateri hasiko da, eguerditik aurrera okertuz. Ipar haizearekin jarraituko dugu, eta tenperatura 9-16ºC artean ibiliko da.
Uda meteorologikoa hastearekin batera etorri zaigu eguraldi aldaketa, paradoxikoa badirudi ere., tenperaturaren beherakada nabarmena eta guzti. Honen eragile ipar ukituko haizearekin heldu zaigun Atlantikoko aire masa heze eta freskoa. Datozen egunotan gure lurraldeko eguraldia aire masa honek baldintzatuko du, euria eta orokorrean egun freskoak ekarriz.
Datorren asterako eboluzioa
Aipatutako aire masak martitzena arte jarraituko du gurean. Ondoren, tenperaturaren gorakada eta giro lehorragoa ekarriko digu pare bat egunez hego ukituko haizeak, ziurrenik atlantikotik helduko den beste fronte batek euria ekarriz astearen bukaerarako. Hala ere, asko falta da horretarako eta hobe egunez egun eguraldiaren nondik norakoak jarraitzea.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.