Astebururako iragarpena
Barixakua: Aurreko egunaren antzera, goiza hego haizea dela eta epeletik hasi eta are gehiago berotuko du eguna eguzkiak. Arratsaldean ekaitzak lehortzea izango da ziurrena, haizeak ipar mendebaldera eginez eta nabarmen freskatuz. Ordurik beroenetan 30ºC-tik gora igoko da tenperatura.
Zapatua: Goizean eta egunean zehar ez du aurreko egunetan besteko beroa egingo, eta sargori puntu baxuagoak ekaitz arriskua gutxitu du ere. Zeruan erdi eta goi mailako hodeiak egongo dira eta egunean zehar bero hodeiak garatuko dira. Iluntzean hego-ekialdeko haizea sartu eta gauean tenperatura jaistea ekindingo du, sargoria berriz ere areagotuz. Hogei gradu altuetan geldituko dira termometroak, hogeita hamarrera heldu gabe.
Domeka: Zapatu eta domeka arteko gaua seguruenik 20ºC-tik jaitsi ezinik igaro eta gero, tenperaturak berriz gora egin eta 30ºC-tik gora joango gara berriz ere ordurik beroenetan. Bero hodeiak garatu eta ekaitzak leher lezake, arratsaldetik aurrera batez ere.
Udako eta udaberri amaierako eguraldi nahiko ohikoa azken egunotakoa, tenperatura bereziki altuekin izaten ari bada ere. Eguzkiaren indarra altueran aire hotz pixka batekin bateratzean ezegonkortasuna izaten da protagonista. Ezegonkortasun hau izango da datozen egunotako eguraldia baldintzatuko duena.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira eguraldi nahasiak jarraituko du, tenperaturaren beherakada itzela izango badugu ere. Atlantikotik aire freskoa helduko zaigu, altueran hotza izango dena, eta astelehen eta martitzena goibel eta freskoak izango direla ematen du, euria astelehenerako esperoz gehien bat. Aurrerago begiratzea, momentuz, zientzia fikzioa da, patroi aldaketa nabarmenik antzeman ezin daitekeelarik hala ere.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.