Astebururako iragarpena
Barixakua: Goiza zero gradu inguruan hasiko da aurreko egunotan pilatutako aire hotza eta zeru oskarbiari esker, eguzkia irten ahala giroa goxatuz. Egunean zehar hodeiren bat edo beste ibiliko da eta Ipar ekialdetik joko du haizeak, termometroei balio altuak erakustea galaraziz. Tenperatura 0-13ºC artean.
Zapatua: Mendebaldetik gerturatzen joango den fronte hotz bat dela eta hego haizea sartuko zaigu goizaldean. Hortaz, epeldu egingo du baina zerua hodeiek hartuko dute, zaparradaren bat utziz arratsaldean batez ere. Tenperatura 2-16ºC artean.
Domeka: Frontea eguerdi partean helduko da, goizeko hego haizea ipar-mendebaldekoa izango delarik arratsaldean. Honek tenperaturaren beherakada eragingo du, arratsaldea nahiko hotz eta euritsua esperoz. Tenperatura 7-18ºC artean, altuenak eguerdian emango direlarik, juxtu frontea heldu aurretik, hotzenak hau pasa eta iluntze aldera emango direlarik.
Aurreko astean aurresan bezala, ipar haizeak negu giroa ekarri digu azken egunotan, jatorri polarreko aire masa bat bultzatu baitu Atlantikoan sendotu den antizikloiak Europa mendebaldera.
Datorren asterako eboluzioa
Udaberrian bete-betean gaudela jatorri polarreko aire masek ez dute luze irauten gure latitudeetan. Hortaz, asteburu eta datorren asteari begira tenperaturak birnormaltzeko bidea hartuko du. Astelehen eta martitzenean eguzkia bueltan datorrela dirudi baina udaberrian hain ohikoak diren aldaketa posibleak egunez-egun jarraitu beharko ditugu.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.