Astebururako iragarpena
Barixakua: Goizean fronte bat heldu eta zeru estaliarekin eta euriarekin hasiko dugu eguna. Eguerdi partean ater une luze bat egon liteke, baina arratsaldean ipar haizeak zaparradak ekarriko dizkigu berriro. Haizea nahiko aldakor ibiliko da, goizean hegotik eta arratsaldean iparretik jotzera eginez batez ere. Tenperatura 9-17ºC artean, hotzena egunaren bigarren zatian emanez ziurrenik.
Zapatua: Apirileko lehen egunean ipar-mendebaldeko haizeak nahiko egun zatarra ekarriko digu. Haizeak, bizi ibiltzeaz gain, hodeitza sartuko du Kantauri itsasotik tarteka zaparrada mardulak lagaz. Tenperaturak ere behera egingo du nabarmen, udaberrikoetatik baino negutik gertuagoko baliotan mugituz, 7-11ºC artean.
Domeka: Ipar ukituko haizearekin jarraituko dugun arren, Azoreetako antizikloia gerturatzeak giroa zerbait lasaituko du. Hala ere, egun freskoa eta hodeitsua izango da, tarteka euria egin lezakeelarik. Tenperaturari dagokionez, aldaketa handirik ez.
Hego haizea jaun eta jabe izan dugun azken aste honen amaieran mendebaldeko zirkulazioa aktibatuko da, gurera fronteren bat edo beste eta Atlantikotik aire masa fresko eta hezea helduz. Ondorioz, halako asteburua izango dugu.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari dagokionez lasaitasuna bueltan datorrela dirudi. Antizikloia ia-ia gainean izango dugu, britainiar uharteetara joateko joerarekin. Honek frantzipar freskoa bidaliko digu, neguan oso hotza izan ohi dena, baina udaberrian jadanik eguzkiaren laguntzaz goxoturik heltzen zaiguna. Goiz freskoak eta arratsalde atseginak beraz datorren aste hasieran.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.