Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna hodei gutxirekin eta hotz hasi baina poliki-poliki lainotzen joango da, eguerdi partean euritara joz. Arratsaldean berriro atertuko du. Haizea noraezean ibiliko da goizean, eguerdi partean iparra sartuz. Tenperatura 0-11ºC artean.
Zapatua: Euria gogotik botako du ordu txikitan, eta goiza ere euritsua izango da ziurrenik. Hala ere, haizeak goizak aurrera egin ahala mendebaldetik hegora egingo du aldaketa, atertzera eginez. Neguko tenperaturarekin jarraituko dugu, 3-9ºC artean mugituz termometroak.
Domeka: Hego haizea izango dugu, ondoriozko epeltze eta hobekuntzarekin. Hala ere, nahiko egun nahasia izango da, erdi eta goi mailako hodeiek noizean behin tantaren bat edo beste bota lezaketelarik. Haizeak ere tarteka zakar joko du. Tenperatura 7-15ºC artean.
Ipar Atlantikotik heldutako aire masa hotz eta ezegonkor baten eraginpean emango dugu astearen bigarren zati hau, Iberiar Penintsulan presio baxuak jaun eta jabe bilakatuz; udaberria hastearekin batera heldu da negu giroa beraz. Gaur, eguena, tregua eguna izan bada ere ia gainean daukagun borraskak hego ukituko haizea bidali digulako, bihartik aurrera Kataluniarako bidea hartu eta fronte nahiko aktiboa bidaliko digu, barixaku eta zapatu arteko gauean gogoz eragingo diguna.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari dagokionez lasaitasuna bueltan datorrela dirudi. Presioak gora egin eta alturan dagoen aire hotzak alde egingo du. Hortaz, ez da euri kontu handirik espero datorren asteko lehen erdian behintzat.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.