Freskatzera egingo du asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko mar. 16a, 19:44

Barixakutik aurrera haizeak ipar ukitua hartu eta tenperaturak behera egingo du itsasotik hodeiak sartzearekin batera. Hala ere, euri konturik ez dugu espero eta eguzkiaz ere gozatu ahalko dugu asteburuan.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna oskarbi hasi baina poliki poliki lainotzen joango da, eguerdi partean ipar haizea sartzearekin batera. Iluntze partean zirimiri apur bat ere bota lezake, baina kontu handirik ez. Tenperatura udaberriko balioetan ibiliko da nahiz eta aurreko egunetakoa baino baxuagoa izan, 7-19ºC artean. 

Zapatua: Asteburuko egunik lainotsuena izango da, baina ez du euririk egingo. Arratsaldean ostarteak zabaltzea espero da. Ipar haizeak termometroari beste pare bat gradu kenduko dizkio, altuenak 16ºC inguruan lagaz.   

Domeka:  Zeru garbia eta eguzkia bueltan, giro atsegina izango duguna. Hala ere, ipar haizeak ez dio eguzkiari asko berotzen lagako, aurreko egunaren tenperatura antzekoa izango baitugu.

Aste hasiera petral hasi bazen ere, antizikloia gailendu eta azken egunak egonkor eta atseginak izan dira. Hala ere, Azoreetako antizikloiak iparra sartuko digu bihartik aurrera, presio altuekin eta ahul bada ere.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren asteari begira badirudi aldaketak datozela. Antizikloia Atlantikoan indartu eta gurera presio baxuak helduko direla dirudi. Astelehenean domekako antzerako eguna izango badugu ere, martitzenera begira badirudi depresio bat Britaniar irletara gerturatu eta gurera fronte hotz bat bidaliko duela, tenperatura neguko balioetara gerturatuz eta euria ekarriz. Egoerak pare bat egunez edo irautea espero da, baina giro ezegonkorrak aurrerago ere jarraitzea ere izan liteke, borraskak kantauri itsasora nabarmen gerturatuko baitira. 

 Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.