Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna epel hasiko dugu hego haizea dela eta, tarteka zakarra izan daitekeena. Zerua erdi eta goi mailako hodeiek apainduko dute, arratsaldean helduko den frontearen seinale. Arratsaldean helduko da frontea tenperaturan 10ºC inguruko beherakada eraginez ipar-mendebaldeko haizea zakartu eta euritara joaz batera. Tenperatura altuena juxtu frontea heldu aurretik emango da, 19ºC ingurukoa, baxuena, 4ºC, azken orduan emango delarik frontearen atzetik datorren aire hotza sartzean. Orduan bota lezaken euria elurra izan liteke bostehun bat metrotik gora.
Zapatua: Giro nahasia eta hotza. Kantauri itsasoa zeharkatuko duen depresio txiki baina sakon bat dela eta, kostaldean zaparrada benetan mardulak eta haize oso zakarra izango dituzte, ehun kilometro ordutik gorakoa ziurrenik. Gurean hainbesterako izango ez bada ere, mendebaldeko haizeak gogor jo lezake eta euria egin, egingo du; edozein kasutan, inguruko mendietan ere argi ibiltzeko moduko eguraldia. Termometroak nekez helduko dira 10ºC-ra.
Domeka: Eguraldiak zertxobait hobetuko badu ere, nahiko giro goibelarekin jarraituko dugu. Haizeak mendebaldetik joko du, lehen eta azken orduetan nahiko zakar. Zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du goizean batez ere, eguerditik aurrera ia ez baitugu prezipitaziorik espero. Tenperaturak gora egingo du, baina oraindik ere fresko mantenduz.
Aurreko asteetan moduan, mendebaldeko zirkulazioarekin jarraitzen dugu. Hala ere, antizikloiaren eraginpean izatetik depresioen eraginpean izatera pasako gara asteburuan, horrek dakartzan ondorio guztiekin; udaberriko giro epel eta atseginak neguko - gorria ez bada ere – giroari emango dio pasu.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira badirudi antizikloia gailenduko dela berriz ere. Astelehenean eta martitzenean oraindik giro nahiko aldrebesa izan bagenezake ere, eguaztenetik aurrera udaberri giroa bueltan datorrela dirudi. Edozein kasutan, giro oso aldakorra martxoaren hasiera honetan.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.