Aldaketa dator asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko ots. 17a, 18:52

Asteburuaren hasiera lasaia eta atsegina izango bada ere, zapatu arratsaldean haizeak iparrera egin eta giroa goibelduko zaigu. Hala ere, ez da eguraldi traketsa ere espero, euri kontuak urriak izango baitira.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Hego haizea, zeru urdina eta tenperatura atsegina, 19ºC inguruko maximoarekin.

Zapatua: Goiza aurreko egunetakoa modukoa izango bada ere, eguerdi partean aldaketa helduko da ipar haizearen eskutik. Itsasotik behe hodeiak sartu eta euri apur bat egin lezake, zirimiria batez ere. Tenperaturak behera egingo du egunaren bigarren zatian eta 15ºC inguruko maximoa ipar haizea sartu aurretik emango da eguerdi partean.

Domeka:  Giro nahiko goibela izango dugu, ipar haizeak hodei ugari eta euri apur bat ekarriko baitizkigu. Tenperaturak beste koxka bat egingo du behera, 12ºC-ak nekez gaindituz.

Gure latitudean jaun eta jabe dauzkagu antizikloiak aurtengo otsailean.  Gugandik gertuen daudenak Europa zentralekoa eta Azoreetakoa; zein gailendu, hego edo ipar haizea heldu gurera. Europa zentralekoa gailendu da pasa den astean eta giro epel eta atsegina ekarri digu hego haize ahulak. Asteburuan eta datorren aste hasieran Azoreetakoak ipar haize ahula eta giro bustiagoa ekarriko dizkigu. Muturreko eguraldirik ez, hala ere, antizikloien eraginpean gauden bitartean.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren aste hasieran, esan bezala, ipar ukituko haizeak giro goibel eta freskoagoa ekarriko dizkigu. Hala ere, ez da ez euriterik, ezta hotz handirik ere espero.  

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.