Asteburu hodeitsua, euri apur batekin

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko ots. 9a, 18:27

Penintsula hego mendebaldean kokatuko den depresio batek hego eta ekialdeko haizea bidaliko digu asteburuan, hodei ugari bidaliz baina euri kontu gutxirekin; zapatu arratsaldean izan ezik, ez du apenas bustiko. Eguneko tenperaturak 10-15ºC artean ibiliko dira.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Hodeiak eta ostarteak zeruan eta hego ekialdeko haizea, tarteka bizi goizean. Tenperatura 7ºC ingurukoa goizean, eguerdi partean 14ºC ingurura igoz.

Zapatua: Erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu goizean hego haizearekin. Eguerdi partean fronte bat helduko da eta, haizeak ekialdera egitearekin batera, euritara joko du. Euri asko pilatuko ez bada ere, nahiko arratsalde goibela izango da zapatukoa. Tenperatura aurreko egunekoa baino hotzagoa, termometroek nekez gaindituko baitituzte 10ºC-ak juxtu frontea heldu aurretik.

Domeka:  Hego haizea eta erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu bueltan. Tantaren bat edo beste baztertu ezin badaiteke ere, ez da egun euritsua izango. Tenperaturak gora egingo du,  15ºC inguruko tenperatura maximoarekin.

Eskandinaviar Penintsulan antizikloi sendoa osatu da,  Europa hego-mendebaldean presio baxuak eta aire masa hotz eta ezegonkorrak gailenduz.  Datozen orduetan Lisboa parean-edo nahiko geldikor dabilen depresio bat sakondu eta asteburuan zehar Iberiar Penintsulara hainbat fronte eta aire masa ezegonkor bidaliko ditu. Gurera hego-ekialdeko haizea bidaliko duenez, hodei ugari bai baina euri kontu handirik ere ez da espero.   

Datorren asterako eboluzioa

Astelehenetik aurrera, asteburuan eragingo digun depresioa ahuldu egingo da eta mendebaldera egingo du alde.  Honekin batera badirudi Eskandinaviar Penintsulako antizikloiak  Europa erdialderako bidea hartuko duela.  Antizikloiak ia Europa osoa hartuko du bere baitan, eguraldia nabarmen lasaituz.  Hala ere, ez dirudi eguraldi egonkorrak luzerako iraungo duenik.   

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.