Astebururako iragarpena
Barixakua: Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, goizean eta iluntzean batez ere. Haizeak hegotik joko du, tarteka bizi, goizean euria egitean zertxobait baretuz; gauean, aldiz, indarra hartuko du. Tenperatura 8-15ºC artean ibiliko da.
Zapatua: Mendebaldeko eta hegoaldeko haizeak gogor joko du, goizeko ordu txikitan bereziki, eta tarteka euria egingo du. Tenperaturari dagokionez, aldaketa handirik ez.
Domeka: Haizeak mendebaldetik joko du, gogor momentu askotan; hego ukituarekin goizean, ipar ukitua hartuz eguerditik aurrera. Euria eguneko edozein unetan egin lezake, pare bat fronte helduko baitzaizkigu. Tenperaturak behera egingo du, 12ºC-ko maximoarekin.
Aurreko astean iragarri bezala, mendebaldeko zirkulazioa izan da jaun eta jabe Europa mendebaldean azken egunotan. Ondorioz, Iberiar Penintsulara hainbat depresio heldu eta helduko dira, eurei loturiko fronteekin batera. Gainera, asteburuan hiru depresio nahiko sakon oso gertu pasako zaizkigu, depresioaren sortze eta sakontze prozesua Kantauri itsasoan emango baitira. Ziklogenesi hauek agian lehergarriak izango ez badira ere, sorturiko depresioek haize bortitza eta euria utziko dizkigute, seguru.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenetik aurrera giroa nabarmen lasaituko da, haizeari dagokionez behintzat. Honek iparrera egin eta dezente murriztuko du bere abiadura. Bestalde, tenperaturak behera egingo du eta euria espero dugu martitzenean batez ere.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.