Eguzkitan goxo, itzaletan hotz asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko abe. 29a, 19:31

Zeru oskarbiarekin eta apenas haize barik jarraituko dugu asteburuan. Ondorioz, goiz hotzak, izotz eta guzti, eta egun eguzkitsuak izango ditugu.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goiza hotzetik eta laino pixka batekin hasi badaiteke ere, lainoak altxa ahala eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Hala ere, airea larregi ere ez du berotzerik izango eguna oso motza baita urteko sasoi honetan. Haizea noraezean eta ahul, eta tenperatura -1ºC eta 11ºC artean.

Zapatua: Aurreko egunaren antzekoa izango da, baina haizeak hegotik joko du oraingoan, ahul bada ere. Ondorioz, baliteke goizeko tenperatura aurreko egunetan beste ez jaistea. Hala ere, goiza hotza izango da.

Domeka: Aldaketa handirik ez zapatuarekiko, tenperatura graduren bat jaitsiko bada ere.

Abendua ia osoan Europako zati handi batean eragin duen antizikloiaren menpe jarraitzen dugu. Neguko antizikloi kontinental hauek, behin sortuz gero, oso zaila izaten da tokitik mugitzea. Izan ere, aire hotza, oso pisutsua, lurretik gertu pilatzen dute eta eguzkiak garai honetan ez dauka nahikoa indar hau berotzeko. Gainera, alturako airea lurretik gertukoa baino epelagoa izan ohi dute, ohikoa denaren alderantzizkoa. Honek tapoi gisa jardute du aireari goraka egitea oztopatuz. Honek sortzen ditu lainoak eta baita hiri handietako poluzio txapelak ere.  

Datorren asterako eboluzioa

Astelehenetik aurrera badirudi aldaketa datorrela, ondorioak oraindik garbiak ez badira ere. Litekeena da astelehenean bertan fronte hotz bat heltzea, euria eta hurrengo egunetan tenperaturaren beherakada nabarmen batekin. Hala ere, gehiago zehaztea momentuz ezinezkoa da.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.