Gabonak lasai eta epeletik datoz

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko abe. 23a, 18:09

Ateri eta atsegin eutsiko dio Gabonetako asteburu honetan. Zapatu goizean tantaren bat bota lezake akaso, baina ziurrenik ateri eutsiko dio aste bukaera osoan. Gainera, oskarbi egongo ez bada ere, eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugu.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Barixakua nahiko egun hodeitsua izango da, eta noizean behin tantaren bat botatzea ezin da baztertu. Haizea noraezean ibiliko da eta tenperatura nahiko epela izango dugu, 9-13ºC ingurukoa.

Zapatua: Goizean fronte ahul baten buztanak eragingo digu, hodeiak eta tantaren bat edo beste ekarriz. Egunak aurrera egin ahala zerua saretu eta giro atsegina izango dugu orokorrean. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez.

Domeka: Hodeiak eta ostarteak zeruan eta giro atsegina izango dugu, goiza aurreko egunetako hotzagoa izango bada ere. Eguzkiak eguerdi partean 15ºC ingurura igoko ditu termometroak.

Aurtengo abenduan gainetik kendu ezinda gabiltzan antizikloi sendo baten eraginpean jarraitzen dugu. Antizikloiak noizean behin fronteren bat edo beste gurera pasatzen uzten badu ere, oso ahuldurik heltzen dira eta ez dute euri askorik lagatzen. Antizikloia inguruan beste aste betez izango dugu eta, ondorioz, urte berrira arte behintzat, ez dugu eguraldian gora behera handirik espero. 

Datorren asterako eboluzioa

Esan bezala, ez dugu aldaketa handirik espero datorren asterako. Astelehenean akaso tantaren bat utzi lezake beste fronte ahul batek, baina litekeena da ateri eustea. Orokorrean, eguraldi egonkorra eta tenperatura garaiko normala baino zertxobait epelagoa.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.