Astebururako iragarpena
Barixakua: Gaurko egunaren pare-parekoa, zerua urdin eta eguzkia jaun eta jabe. Hego ukituko haize leuna izango dugu eta, eguna 6ºC inguruan hasi eta gero, eguzkiak tenperatura 15ºC-ra igoko du egunaren ordu zentraletan.
Zapatua: Eguna aurreko egunaren pare hasiko da eta eguzkia protagonista izango dugu. Egunak aurrera egin ahala hego haizea indartu eta erdi eta goi mailako hodeiek hartuko dute zeru urdinaren lekua, inongo ondorio barik ordea. Tenperatura maximo eta minimoari dagokionez aldaketa handirik espero ez bada ere, gaua heltzean hego haizeak ez dio tenperaturari aurreko egunetan bezain beste jaisten lagako.
Domeka: Barixaku eta zapatuan baino dezente epelago emango diogu hasiera egunari hego haizeari dela eta. Zerua erdi eta goi mailako hodeiez ia estalirik izango dugun arren, euria Arabatik Gipuzkoara ezin pasa geratuko da. Hortaz, haizeak ekar ditzakeen pare bat tanta izan ezik, ez dugu euri konturik espero. Tenperatura maximoari dagokionez, aldaketarik ez.
Azaroaren bukaera eta abenduaren hasiera honetan atmosferak patroi nahiko geldikorra hartu duela dirudi. Europa ia osoa hartzen duen antizikloi sendo batek hurbiltzen zaizkigun depresio guztiak Portugaleko kostaren pare parean geldiaraztera behartzen ditu. Depresioak Iberiar Penintsulara hegoaldetik aire epel eta hezea sartzen du, penintsularen zati handi batean hain beharrezkoa duten euria ekarriz; Kantauri itsasoko kostara, ordea, hego haizeak sorturiko Foehn efektua dela eguzkia eta epeltasuna dira nagusi egoera honetan.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira ez da aldaketa nabarmenik antzematen, giro egonkor eta epelak jarraituko duela baitirudi. Hala ere, badirudi antizikloia gainerago etorriko zaigula, hego haize fluxua etenez eta, goizak soilik bada ere, berriz ere freskatuz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.