Astebururako iragarpena
Barixakua: Hodei gutxi zeruan eta eguzkia lagun izango dugu. Goizean goiz hotz egingo du, eguerdi partean eguzkiak giroa epelduz. Haizea noraezean eta ahul, eta tenperatura 2-11ºC artean.
Zapatua: Hegoaldetik erdi eta goi mailako hodeiak helduko dira zerua nabarmen estaliz. Ezin dugu guztiz baztertu tantaren bat edo beste botatzerik, baina lurra busti ere egin barik ziurrenik. Haizeak hegotik joko du, tarteka bizi, baina ez da inola ere hego haize beroa izango. Tenperatura 5-11ºC artean.
Domeka: Aurreko egunaren tankerako eguna, pixka bat epelduko badu ere.
Iberiar Penintsulan pasioan ibili den depresio batek aste ezegonkor eta euritsua ekarri digu, martitzen eta eguaztenean gainean geldikor geratu zitzaigun fronte batek 24 ordu baino gehiagotan etengabe prezipitazio mardula utzi zigularik. Alturan zegoen aire hotzari esker eta prezipitazioaren indarragatik espero baino beherago zuritu zituen inguruko mendiak, eta baita hainbat herri ere. Depresioak Galiziarako bidea hartu du orain gurera hego ukituko haizea sartu eta, ondorioz, atmosferaren txorrota etenaz, momentuz behintzat.
Datorren asterako eboluzioa
Astearen lehenengo erdian behintzat antzera jarraituko dugu, depresioa penintsula mendebaldean poliki-poliki ahuldu eta Azoreetako antizikloiak bere tokia berreskuratuko baitu. Honek gurean ekialdeko ukituko haizea eragingo du oraingoan, giro lasaia baina nahiko freskoa ekarriz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.