Giro nahasi eta haizetsua asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko aza. 17a, 19:33

Hainbat depresio eta fronteren bisitak asteburuko eguraldia nahastuko du, gurean eragingo duten hego haize biziak euri kopurua mugatuko badu ere. Tenperatura 6-15ºC artean asteburu guztian zehar.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Ipar mendebaldetik helduko den fronte ahul batek euria ekarriko digu, asko ez bada ere. Haizeak mendebaldetik joko du, hego ukituarekin goizean eta iluntzean, eta iparrekoarekin ordu zentraletan; orduan espero dugu euriaren gehiena. Tenperatura 9-14ºC artean, hotzenak egunaren bigarren erdian.

Zapatua: Zerua oso hodeitsu egongo da eta tantaren bat edo beste bota lezake egunean zehar, baina ez da euririk espero apenas gauerarte, fronte bat helduko baita. Hego haizea tarteka bizi, eta oso bizi mendi gainetan. Tenperaturan aldaketan nabarmenik ez.

Domeka: Aurreko egunaren tankerako eguna, hego haizea bizi bizi eta zerua oso hodeitsu. Goizean goiz izan ezik, ateri eutsiko dio une gehienetan. Tenperatura akaso graduren bat igoko da.

Azken egunotan gainean izan dugun antizikloia ahuldu eta mendebaldetik depresioei bidea irekiko die asteburuan. Borraskak Galizia aldera gerturatuko direnez, gurean hego mendebaldeko haizea sartu eta euri kontuak ez dira penintsulako beste hainbat tokitan bestekoak izango. Hala ere, pare bat frontek bai utziko dutela euririk, apur bat bada ere.

Datorren asterako eboluzioa

Astelehenetik aurrera badirudi egoerak okerrera egin dezakeela, beste depresio bat gerturatu eta kasu honetan Iberiar Penintsula zeharkatuko baitu ziur asko. Ondorioz, haizeak hego-ukitua galdu eta euri kontuak ugaritu litezke gurean. Gainera, alturan aire hotz ugari helduko litzateke giroa nabarmen desegonkortuz. Aire hotzak gainazalean ere eragitea espero da eta nahiko tenperatura baxuak izango ditugu, inguruko mendi altuenak zurituz agian.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.