Eguraldi paregabea zubian: eguzkitsu eta epel

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko urr. 27a, 19:13

Asteburuan eta, zortea duenak behintzat, zubi osoan zehar eguraldi bikainaz gozatuko dugu. Zeruan ez dugu apenas hodeirik ikusiko eta hego ukituko haizeak termometroak 20 gradutik gora erraz bultzatuko ditu. Hala ere, kostaldera gerturatzeko asmoa izanez gero, erne bertan sor daitekeen itsasoko lainoarekin.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goizean goiz lainoarekin esnatu eta fresko egingo badu ere, eguzkiak lainoa desegin eta tenperaturak gora egingo du goizak aurrera egin ahala. Haize ahula, hego ukitu pixka batekin eta termometroak 7-22ºC artean.

Zapatua: Aurreko egunaren parekoa, goiza lainorik gabekoa eta zertxobait epelagoa izan badaiteke ere hego haizea pixka bat gehiago igarriko da eta. Gainontzekoan, oskarbi eta tenperatura altuenak akaso graduren bat egingo du gora.

Domeka: Nabarmentzeko aldaketarik ez. Goiza aurreko egunekoa baino zerbait freskoagoa akaso.

Astelehena: Aipatzeko aldaketarik ez. Tenperatura gradu bat edo beste jeitsi liteke.

Martitzena: Tenperaturak gradu pare bat behera egitea espero da eta konsekuentziarik gabeko erdi eta goi mailako hodeiak helduko dira.

Aurretik daukagun asteburu luze honetan antizikloi sendo baten eraginpean egongo gara. Gainera, bere zentrua gure ipar-ekialdean egongo denez, eguraldi egonkor eta lehorraz gain hego ukituko haize epela bidaliko digu.

Datorren asterako eboluzioa

Asteak aurrera egin ahala antizikloiak ahultzera egingo du, eta badirudi tenperaturak garairako balio normaletara bueltatzeko asmoa daukala. Hala ere, ez da, momentuz behintzat, eguraldi aldaketa nabarmenik ikusten epe laburrean.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.