Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna aurreko egunetako itxurarekin hasiko bada ere, egunak aurrera egin ahala hobera egingo du. Haize aldaketa arratsaldean espero da eta zeruak garbitzera egingo du. Tenperatura aurreko egunekoen antzekoa, egunez 16ºC inguruan ibiliko delarik.
Zapatua: Hego haizeak eguraldi aldaketa itzela ekarriko digu. Zeruan eguzkia erdi eta goi mailako hodeien artean ageriko da eta tenperatura 20ºC-tik gora igoko da ordurik beroenetan.
Domeka: Aurreko egunaren antzekoa izango da, hodeiak ugariagoak izango badira ere. Tenperatura gradu pare bat igo liteke.
Aste honetan gainetik pasa zaigun depresioa urruntzen doan heinean, beste bat gerturatuko da Galizia ipar-mendebaldera asteburuan. Honek gurean hego mendebaldeko haizea eragingo du, hodeiak ekarri bai baina euririk laga barik, hego haizearekin maiz gertatzen den moduan. Tenperaturak ere, haizearen jatorriari so, gora egingo du.
Datorren asterako eboluzioa
Oraingoan Galiziatik gertu dagoen depresioa gainetik pasa beharrean, iparraldera ihes egingo du. Bere lekua antizikloi batek hartuko du, dirudienez britainiar irletan sendotzeko asmoa duena. Prozesu horretan gurera itsasoko ipar haize oso ahula heltzea espero da, astelehena eta martitzena hodeitsu eta bustiak espero ditugularik. Astearen erdialdean antizikloia Britainia Handian sendotuz gero frantziparra sartu eta zerua garbituko digu, goiz hotz eta arratsalde epel eta eguzkitsuak utziz. Hala ere, asko falta da oraindik eta garai honetan asko aldatzen dira eredu numerikoak egun batetik bestera.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.