Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna nahiko lainoturik hasiko bada ere, hodeiek saretzera egingo dute. Nahiko egun eguzkitsua izango bada ere, ipar ukituko haizea dela eta tenperatura nekez igoko da 20 gradutik.
Zapatua: Goizeko ordu txikitan haizeak hego ukitua hartu eta hortaz goizean eguzkia irtetzean erraz egingo du termometroak goraka. Arratsaldean haizearen jatorria berriz ere iparrera mugituko da, tenperatura jaitsiz. Egunak aurrera egin ahala erdi eta goi mailako hodeiak ugaritu egingo dira. Eguerdi partean emango dira tenperaturaren balio altuenak (27 gradu inguru), haize aldaketaren aurretik hain zuzen.
Domeka: Ipar mendebaldeko haizeak baldintzaturiko eguna, hodeiak eta euria ekarriko baitizkigu. Tenperaturari dagokionez ere, aurreko eguna baino dezente freskoagoa izango da, maximoa 18 gradu ingurukoa izatea espero baita.
Azken egunotan mendebaldeko zirkulazioa izan dugu Europa mendebaldean, Atlantikotik aire masak helduz. Gurean, mendebaldeko haizeak hego ukitua hartzean, epel eta ateri; ipar ukituarekin, fresko eta euritsu. Asteburuan ere horrela jarraituko dugu.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren aste hasieran Azoreetako antizikloiak indarra hartu eta bere eraginaren menpe egongo gara. Hortaz, nahiko giro egonkorra izango dugu. Hala ere, gurera ipar ukituko haizea bidaliko duenez, giro nahiko freskoa izango dugu, hodeiak zeruan eta akaso zirimiri apur bat ere astelehen goizean.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.