Astebururako iragarpena
Barixakua: Ordu txikitan depresioari loturiko ekaitzak direla eta zaparrada mardulak botatzea espero da ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin batera. Eguna argitzean zaparradekin jarraituko dugu, haizeak ahultzera egingo badu ere. Tenperatura 12-18ºC artean.
Zapatua: Depresioa urrunduta eta ahuldurik egongo bada ere, ipar-mendebaldeko haizearekin jarraituko dugu, eta, ondorioz, eguraldi goibelarekin. Zaparradak aurreko egunekoak baino ahulagoak izango dira, baina busti, bustiko dute. Tenperaturari dagokionez aldaketa nabarmenik ez, akaso graduren bat behera.
Domeka: Azoreetako antizikloiak muturra sartuko du Kantauri itsasoan, giroa zertxobait baretuz. Hala ere, ipar ukituko haizearekin jarraituko dugu eta hodeiek eta euriak ez dute alde egingo. Hala ere, orokorrean euri ahula egingo du, eta ater uneak ere ugariak izango dira.Tenperatura maximoa berriz ere 18ºC ingurukoa.
Gaur bertan gainetik pasako zaigun depresioa martitzenean gurera heldu zen fronte hotzari lotuta sortu bazen ere, azken orduetan ezaugarri tropikalak garatu ditu. Hortaz, sistema hibridoa dela esan daiteke. Zikloi txiki honek erdi latitudeetako ohiko depresioen (borraska moduan ezagutzen ditugunak) sortze edo genesia izan zuen; aire masa bero bat eta hotz bat banantzen dituen frontea, hain zuzen. Bi aire masa horien arteko kontrastea txikitzearekin batera, ahultzeko bidea hartu zuen atzo. Hala ere, borraska Kantauri itsasora sartzean, Atlantikoarekin alderatuz ur beroagoa topatu du. Altueran zekarren aire hotzaz baliatuz ekaitzak garatu ditu bere baitan. Ekaitz hauetan askatzen den beroa (energia) da hain zuzen depresioa indarberritu duena, eta ezaugarri tropikalak eman dizkiona. Izan ere, konbekzioak (ekaitzak sortzen dituen prozesu fisikoa) sustengaturiko depresioak dira zikloi tropikalak.
Zikloi txiki baina indartsu hau azkar pasako da gure gainetik, haize ufada bortitzak eta zaparrada mardulak utziz; baina lurra ukitzearekin batera desegiteko bidea hartuko du. Atzetik, Azoreetako antizikloia bultzaka datorkigu, gurean ipar ukituko haizea ekarriko duelarik, horrek dakarren ondorio guztiekin. Asteburu fresko eta bustia izango da.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira, ez da aldaketa nabarmenik ikusten eredu numerikoetan. Azoreetako antizikloia nahiko geldikor izena ematen dioten irletan zentraturik, eta gurera ipar ukituko haizea ekarriz. Hortaz, hodeiak eta euri apur bat, larregi ere ez; hala ere, beste zikloirik ez, momentuz behintzat.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.