Astebururako iragarpena
Barixakua: Goizean goiz tantaren bat bota badezake ere, segituan zerua garbitu eta egun eguzkitsua izango dugu. Ipar ukituko haizeak tenperatura balio atseginetan mantenduko du, 24ºC-ko maximoarekin.
Zapatua: Zerua erdi eta goi mailako hodeiek zikinduko badute ere, eguzkiak berotu, berotuko du. Haizea nahiko noraezean ibiliko da eta tenperatura igo egingo da, 28ºC inguruko maximoa espero baita.
Domeka: Beste koxka bat egingo du gora tenperaturak, gainontzean zapatuaren antzeko eguna izango delarik. Hala ere, ezin da baztertu egunaren bukaeran bero hodeien ondorioz tantaren bat botatzea.
Itzela izan da Iraila hasiera honetan egin duen beroa. Irailerako tenperatura maximoen errekor asko hautsi dira penintsula osoan zehar, gertuen erori zaiguna Gasteizko aireportukoa izanik. Bertan, 38.0ºC-ko tenperatura maximoa neurtu zuten atzo, aurreko errekorra 1988koa zelarik 37.2ºC-rekin. Honen erantzule, Europan azkenaldian hainbestetan finkatu den antizikloia; Afrika iparraldetik izugarri masa beroa bete-betean gainera ekarri digu. Gaur, badirudi denbora askorako ez bada ere, Atlantikotik aire freskoagoa eta euria heldu zaizkigu. Hala ere, esan bezala, asteburuari begira penintsula barnealdetik gerturatuko den aire masa beroago batek tenperatura berriro igoko du.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenean antzera jarraituko badugu ere, badirudi martitzenetik aurrera Atlantikotik alturan aire hotza helduko dela. Hortaz, aste nahiko trumoitsua izango da Iberiar Penintsulan, eta baita gurean ere ziurrenik. Tenperaturetan ere beherakada nahiko handia ematea espero da.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.