Astebururako iragarpena
Barixakua: Goiza oskarbi eta fresko hasiko da, eguzkiak azkar igoaraziko duelarik tenperatura. Arratsaldean erdi eta goi mailako hodeiez gain bero hodeiren bat garatzea ere espero da, ziurrenik inongo konsekuentzia barik. Haizea orokorrean noraezean ibiliko bada ere, arratsalde bukaeran iparra sartzea espero da giroa zertxobait freskatuz. Ordurik beroenetan termometroak 30ºC inguruan ibiliko dira.
Zapatua: Goizean zerua barixakuan baino zikininago ageriko da erdi eta goi mailako hodeien ondorioz, tenperatura altuagoarekin batera sargori puntua areagotuz. Arratsaldean zerua pixka bat garbitzea espero da, baina bero hodeiak gara litezke ere; nola edo hala, ez da euririk espero oraingoan ere. Asteburuko egunik beroena izango da, 34ºC ingurura iritsiz.
Domeka: Tenperaturaren beherakada izango da domekan emango den aldaketa nagusia, balio nahiko altuetan jarraituko badu ere. Gainontzean, aurreko egunetan moduan, eguzkia nagusi. Hala ere, baliteke arratsalde partean kostatik behe hodeiak sartzea. 28ºC inguruko maximoa espero da.
Uda meteorologikoaren amaieran (Iraila udazkena kontsideratu ohi da meteorologikoki) antizikloi sendo baten eraginpean egon gara, eta hala jarraitzea espero da ondorengo egunotan. Antizikloiari lotuta aire masa bero eta egonkor batek hartu du Europa hego-mendebaldea, Soraluze barne. Honen ondorioz izan dugu abuztuaren amaiera bero eta eguzkitsu hau, egin duen euri apurra antizikloiak pixka bat ahuldu, mendebaldera egin eta ipar haize pixka bat bidali digunean bota du eta, zirimiria batez ere.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenetik aurrera ere berdin antzean jarraitzea espero dugu, momentuz ez baitzaio egoerari amaiera garbirik hautematen. Astearen bigarren erdia hala ere nahiko urrun dago oraindik, eredu numerikoen fidagarritasun esparrutik kanpo. Egoerak nora egingo duen jakiteko itxaron beharra dago oraindik.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.