Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna lainotuta hasi badaiteke ere, azkar oskarbituko du. Haizea noraezean ibiliko da orokorrean, baina ipar ukitukoa gainenduko da, tenperatura eguenean bezainbeste igotzea galaraziz. Maximoa 30 gradu ingurura iristea espero da hala ere. Arratsaldean bero hodeiak garatu eta zaparradaren bat botatzea ezin da baztertu, baina probabilitatea baxua da.
Zapatua: Haizeak hego ukitua hartzearekin batera tenperatura berriro ere igotzea espero dugu, 35 gradu inguruko maximoarekin ordu zentraletan. Hala ere, ziurrenik arratsaldean zehar kostako brisa sartu (ipar haizea gurean) eta tenperatura balio atseginetara jaitsiko da. Barixakuan moduan, baliteke bero hodeien ondorioz ekaitzak lehertzea, probabilitate baxuarekin.
Domeka: Aldaketaren lehenengo eguna izango da domeka, bat-batekoa izango ez bada ere. Lainotuta hasi, ordu zentraletan hodeitza saretu eta arratsaldean berriro lainotzera egingo du. Egun hasiera eta amaiera horietan zirimiri apur bat ere egin lezake. Eguzkiak ez du aurreko egunetan beste berotzerik izango eta termometroek 26 gradu inguruan etengo dute eguneko igoera.
Ia Europa osoa bere baitan hartzen duen antizikloi sendo batek bultzaturik heldu da azken egunotan eragin digun (eta eragingo digun) aire masa beroa, Afrika iparraldean jatorria duena. Europa mendebalde ia osoan tenperatura gorakada itzela ekarri du, 30 graduko muga ia non-nahi gaindituz.
Datorren asterako eboluzioa
Domekatik aurrera antizikloiak ahultzera egingo du, ipar Atlantikoko aire masa hotzagoak (baina ez hotzak) gerturatzea ahalbidetuz. Hortaz, tenperaturak beherako bidea hartuko du, balore nahiko atseginetara bueltatuz. Astelehen eta martitzenean euri apur bat ere egin lezake, zirimiria batez ere.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.