Aste bukaera gorabeheratsua

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko abu. 18a, 17:58

Eguraldi aldakorra izango dugu asteburuan. Barixaku arratsaldean fronte ahul bat heldu eta euri pixka bat utziko du, zapatua egun hodeitsu eta freskoa izango da eta domekan giroa egonkortu, eguzkia irten eta tenperaturak berriz ere gora egingo du.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna hodei gutxirekin hastea espero da, arratsaldean helduko den fronte ahularen aurretik hego ukituko haizeak eta eguzkiak giroa berotuko dutelarik. Eguerditik aurrera hodeiak ugarituko dira eta arratsaldean euri apur bat bota lezake. Hala ere frontea oso ahuldurik heduko da seguraski, eta aldaketa nabarmenena tenperaturak behera egingo duela izango da. Arratsalde hasieran 30ºC ingurura helduko dira termometroak.

Zapatua: Egun nahiko goibela izango da, goizean batez ere euria egin dezakeelarik. Arratsaldean ateri eustea espero da eta hodeitza zertxobait saretzea ere. Ipar ukituko haizea dela eta tenperatura maximoak juxtu-juxtu gaindituko du hogei graduko muga.

Domeka: Eguna hodei batzuekin hasiko bada ere, goizak aurrera egin ahala oskarbitzera egingo du. Haizeak ipar ukitua izango du oraindik eta, ondorioz, tenperatura aurreko egunekoa baino pare bat gradu altuagoa izango da soilik.

Asteburuko eguraldia britaniar irletara helduko den depresio batek baldintzatuko du, hari lotuta baitator barixaku arratsaldean helduko den frontea. Hala ere, gurera oso ahuldurik helduko da eta ez du euri kopuru haundirik utziko. Domekatik aurrera antizikloi bat gure gainera etorri eta Europa zentralean sendotzera egingo du,.

Datorren asterako eboluzioa

Alpeetan zentratu eta sendotuko den antizikloiak Afrika iparraldetik aire masa beroa bultzatuko du Europa mendebaldera. Ondorioz, gurean tenperaturak nabarmen egingo du gora asteko lehenengo erdian gutxienez. Eguzkia jaun eta jabe eta tenperatura 30ºC-tik gora.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.