Eguzkia protagonista asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko abu. 4a, 18:02

Barixaku arratsaldetik hasita asteburu paregabea espero dugu. Zeruan ez da apenas hodeirik egongo eta ipar-ekialdeko haize ahulari esker tenperaturak balio atseginetan mantentzea espero da.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna eguenean pasatako fronteari loturiko hodei batzuekin hasiko da, goizean zehar euri apur bat botatzea ere ezin delarik baztertu. Eguerditik aurrera oskarbitzera egingo du, arratsalde eguzkitsu eta atsegina geldituz. Iparreko haize freskoak ez dio tenperaturari larregi igotzen utziko, 22ºC ingurura iritsiz arratsalde partean.

Zapatua: Goizean goiz lainoa sor badaiteke ere, eguzkia jaun eta jabe izango dugu goizetik gauera. Ipar-ekialdeko haizeak tenperatura balio atseginetan mantenduko du baina aurreko egunekoa baino pare bat gradu altuagoa izango da.

Domeka: Aldaketa handirik ez, eta termometroak beste pare bat gradu gora.

Kantauri itsasora datorkigu bete-betean Azoreetako antizikloia asteburu pasa. Ondorioz, giro egonkorra eta eguzkitsua izango dugu. Hala ere, frantzipar nahiko freskoa bidaliko digu, tenperaturari larregi igotzen laga barik, eguraldi sanoa deitzen diogun horietakoa bermatuz.

Datorren asterako eboluzioa

Astea asteburuaren paretik hasiko da, giro eguzkitsua eta tenperatura atsegina lagun. Hala ere, martitzenetik hasita antizikloiak Ipar-Atlantikorako bidea hartu eta sendotzera eginez batera, ipar haize fluxua areagotu egingo da gurean. Hortaz, tenperaturak berriz ere behera egitea espero dugu, eguazten eta eguenean nekez 20ºC-etara iritsiz ziurrenik. Gainera, itsasotik hodeiak eta euria heltzea ere da litekeena.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.