Iragarpena
Barixakua: Goiza lainotsu eta fresko hasiko bada ere, goizean zehar desegin eta eguzkiak giroa berotuko du. Arratsaldean zehar erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu eta bero hodeien ondoriozko zaparradaren bat bota lezake egunaren amaieran. Haizea ahula eta norabide finkorik gabekoa izango da, eta tenperatura 15-25 gradu artekoa.
Zapatua: Aurreko egunaren tankerakoa, akaso tenperatura gradurenbat altuagoarekin.
Domeka:Ipar ukituko haizeak tenperaturaren beherakada ekarriko du. Goizean kantauri itsasotik behe hodeiak sartu eta zirimiria bota lezake, egunak aurrera egin ahala atertzera eginez. Tenperatura 16-21 gradu bitartean.
Azoreetako antizikloia sendo dabil aurtengo udan. Ondorioz, iberiar penintsulako barnealdean eguraldi egonkor eta beroa izaten ari badira ere, gurera bidali ohi duen ipar ukituko haizeak tenperaturak asko igotzea ekiditen du, salbuespenak salbuespen. Gainera, itsasotik hodeiak eta tarteka euria sartu ohi dizkigu honelako egoeratan. Asteburu honetan lur gainazalean honen eraginpean jarraituko badugu ere, altueran mendebaldetik datorren aire nahiko hotza pasarazten utziko du, atmosfera ezegonkortuz.
Datorren asterako eboluzioa
Tenperaturaren beherakadak astelehenean izango du beheko muga, martitzenetik aurrera berriz ere gorako bidea hartzea espero baita. Hala ere, ez da gorakada handirik espero eta eguraldiak nahiko ezegonkor jarraitzea espero da.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.