Eguzkia jaun eta jabe eta bero asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko uzt. 14a, 16:27

Aste heze eta fresko honen amaieran aldaketa nabarmena dator, eguzkiak hodeien tokia hartu eta tenperaturak gorakada itzela emango baitu asteburuan zehar. Zeruan ez da apenas hodeirik espero asteburu guztian zehar eta, zapatuan eta batez ere domekan bero egingo du.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goiza fresko eta lainoarekin hasi badaiteke ere, eguzkiak azkar desegingo du eta egun eguzkitsu eta atsegina izango dugu. Tenperatura 10-25ºC bitartean.

Zapatua: Aurreko eguneko antzeko eguna, tenperatura altuagoarekin bai goizean eta arratsaldean ere. Maximoa 30ºC ingurukoa espero da.

Domeka: Aldaketa handirik ez, termometroetan salbu; berriz ere tenperaturak goraka. Ordurik beroenetan 35ºC ingurura iritsiko da tenperatura.

Udan lehen aldiz bete-betean harrapatuko gaitu Afrika iparraldean eta mediterranear itsaso inguruan udan garatu ohi den dortsal antiziklonikoak. Dortsalak altueran aire beroa daukaten sistema egonkorrak dira, aireari gora egin eta hodeiak sortzea galarazten diotenak, giro egonkor eta lehorra bermatuz. Izatez, Sahara eta beste basamortu asko urte osoan zehar honelako dortsalak izateagatik sortu ohi dira. Dortsalak mediterranear klimako uda lehor eta eguzkitsuaen arduradun badira ere, gurean momentu puntualetan soilik izaten ditugu bisitan. Dortsal hau ohi baino iparralderago egun asko irautean eman ohi dira bero-boladak.

Datorren asterako eboluzioa

Tenperaturaren gorakadak astelehen eta martitzenean izango du bere punturik altuena, 35ºC-tik pasatzea espero baitugu. Hortik aurrera badirudi balio normalagoetara bueltatuko garela, aste honetako tenperatura baxuetara jeitsi gabe. Tenperaturaren beherakadarekin batera hodeiak ere bueltan etorriko dira seguraski, baina euri kontu handirik ez da espero.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.