Uda beteko asteburu eguzkitsua

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko uzt. 8a, 05:15

Eguzkia jaun eta jabe izango dugu asteburuaren zati handi batean behintzat. Barixakuan eta domeka arratsaldeko azken orduetan lainotu badezake ere, orokorrean giro eguzkitsua eta atsegina izango dugu. Tenperaturak ere nabarmen igoko dira; zapatuan, 30ºC-tik gertu.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna lainotuta eta zirimiri apur batekin hasiko bada ere, goizak aurrera egin ahala zerua saretu eta arratsalde nahiko eguzkitsua izango dugu. Tenperatura 26ºC ingurura igoko da, goizean 18ºC-tik hasita.

Zapatua: Uda beteko eguna izango dugu, goizetik gauera eguzkiaz gozatzeko aukerarekin. Zerua oskarbi egotea espero da eta ordu zentraletan bero puntu bat ere izango dugu; 30ºC inguruko maximoa espero da.

Domeka:Eguna aurreko egunean bezala hasiko da eta goiz eguzkitsu eta beroa izango dugu. Arratsaldean, hala ere, beroaren ondorioz sorturiko erdi eta goi mailako hodei batzuez gain, kostatik haize freskoa eta lainoa sartzea espero da. Ondorioz, maximoak jeitsi egingo dira eta termometroek 26ºC inguruan geldituko dute euren gorakada.

Azoreetako antizikloiak udan kantauri itsasoan muturra sartzeko duen ohiturarekin jarraitzen dugu. Pixkat urruntzean ipar haize ahula, aire freskoa eta hodeiak ekartzen dizkigu; gainean jartzean Iberiar Penintsula eta Afrika iparraldeko aire beroa gurera heltzea ahalbidetzen du. Trantsizio hori emango da hain zuzen asteburuan; barixakua eta domeka gerturatze eta urruntze egunak izango dira hurrenez-hurren, zapatuan gainean eduki eta egun egonkor eta beroena izanik.

Datorren asterako eboluzioa

Tenperaturaren beherakada itzela izango dugu datorren aste hasieran. Azoreetako antizikloia ipar-mendebaldera mugituko da britainiar irletara depresio bat gerturatzearekin batera. Bien eskutik ipar haizea bidaliko dute Iberiar Penintsulara, Ipar Atlantikoko aire masa freskoa guregana bultzatuz. Ondorioz, giro fresko eta hezea izango dugu astearen lehenengo erdian, tenperaturak 20ºC-tik behera geldituz ziur asko. Asteazkenetik eta, batez ere, eguenetik aurrera tenperaturek berriz ere gorako bidea hartuko dute.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.