Asteburuan fresko, zirimiri pixka batekin

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko uzt. 1a, 07:50

Ipar ukituko haizeak hodeiak ekarri eta tenperatura fresko mantenduko du asteburu guztian zehar. Barixaku iluntzetik zapatu eguerdira bitarte euri arina egin lezake, zirimiria batez ere. Tenperatura maximoak 18-22ºC-ren bueltan ibiliko dira.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna oskarbi hasiko bada ere, ipar ukituko haizeak hodeiak sartuko ditu Kantauri itsasotik goizak aurrera egin ahala. Arratsaldea hodeitsua izango da, azken orduetan zirimiria bota dezakeelarik. Tenperatura 13-22ºC artean.

Zapatua: Egun goibela eta freskoa izango da zapatua, arratsalde bukaeran hobetzera egingo badu ere. Goizean zeru iluna eta zirimiria espero dugu, arratsaldean atertzera egin eta azken orduetan ostartean zabaldu daitezkeelarik. Tenperatura maximoak jeitsi egingo dira eta ez gara 20ºC helduko.

Domeka:Nabarmen egingo du hobera asteko azken egunean. Goizean goiz laino batzuk geratuko badira ere mendietara itsatsita, eguzkiak desegin eta orokorrean zeru nahiko garbia eta egun eguzkitsua izango da. Egunsentia freskoa izango bada ere, eguazkiak giroa goxatu eta tenperaturak gora egingo du: hala ere, ez du berorik egingo oraindik haizeak ipar ukitua izango du eta.

Udako hilabeteetan ohikoa den bezala, Azoreetako antizikloia da jaun eta jabe azken asteotan. Honek giro nahiko egonkorra ekarri ohi du, baina baita ipar ukituko haizea ere. Ondorioz, itsasoko aire freskoa eta hodeiak ere ohikoak izaten dira gurean honelakoetan.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren astearen hasieran badirudi Atlantikotik aire masa ezegonkor bat helduko dela, alturan aire nahiko hotza duena. Ondorioz, Iberiar penintsulan ekaitzak espero dira, gurean eragiteko probabilitatea altua izanik.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.