Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguen arratsaldean sartuko den ipar-mendebaldeko haizeak jarraituko du, aire freskoa eta hodeiak ekarriz Kantauri itsasotik. Goizean euri arina espero da, arratsaldean zaparradak mardulagoak izanik; ekaitzak ere espero dira. Tenperatura 14-18ºC artean.
Zapatua: Ipar ukituko haizearekin jarraituko dugu, baina euri kontuei dagokionez ez da aurreko eguna bezain beste izango. Ostarteren bat zabaltzea espero da eguerdi partean, baina orokorrean zerua nahiko estalita izango dugu. Tenperaturan aldaketarik ez.
Domeka: Ostarte gero eta gehiago izango dugu zeruan, eguerdi eta arratsaldean eguzkiaz gozatzeko aukerarekin; eguzkiak indarra galtzean berriro lainotzeko bidea hartuko du hala ere. Giro freskoarekin jarraituko dugu, baina eguzkiari esker pare bat gradu igoko da tenperatura ordu zentraletan.
Astean zehar eragin digun Afrika iparraldeko aire masa beroa mediterraneora doa ihesi Azoreetako antizikloiak bultzatuta, eta bere tokia Atlantikoko aire masa fresko eta hezeak hartuko du. Uda garaiko dinamika tipikoa da hau, Azoreetako antizikloiak bere posizio naturalaren inguruan egiten dituen oszilazioen menpekoa hain zuzen.
Datorren asterako eboluzioa
Aste honetan gertatu denaren antzekoa gertatuko da berriz ere; domekatik aurrera antizikloia gerturatu eta gainean jartzean giro egonkorra eta hegoaldetik aire masa beroagoa heltzea da seguruena. Hala ere, ez da aste hau bezain beroa izango eta 30ºC-ko muga ez dugu gaindituko kasu honetan.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.