Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguna ateri hasiko bada ere, goizak aurrera egin ahala euritara joko du. Ez du etengabe botako, baina zaparradak, mardulak izateaz gain, noiznahi espero dira. Iluntzean atertzera egingo du. Mendabaldeko haizea bizi ibiliko da, ipar ukituarekin. Termometroek 19ºC emango dituzte gehienez eguerdi partean.
Zapatua: Giro lainotsu eta freskoarekin jarraituko dugu. Hala ere, zaparradak askoz urriagoak izango dira eta eguerdi partean ostarteren batetik eguzkia ateratzeko aukera izan genezake. Tenperaturari dagokionez aldaketarik ez.
Domeka: Zertxobait hobera egingo du asteko azkeneko egunean. Ia ez da euri konturik espero eta ostarteak aurreko egunekoak baino zabalagoak izan litezke. Tenperaturak ere pare bat gradu irabaziko ditu eta 22ºC ingurura igoko dira termometroak arratsaldean.
Ipar Atlantikoan jatorria duen aire masa hotz eta ezegonkor batek eragin digu azken aste honetan, Azoreetako antizikloiak eta britaniar irletan kokaturiko depresio batek bultzatuta. Honek giro ezatsegina ekarri digu, zaparradak eta tenperatura baxuak (garairako) eraginez.
Datorren asterako eboluzioa
Azoreetako antizikloia hurbiltzearekin batera atmosferak egonkortzera egingo du domeka arratsaldetik aurrera. Hala ere, aste hasieran batez ere haizeak ipar ukitua izango du oraindik. Hortaz, eguzkia ikusteko aukera izango dugu, baina itsasotik hodeiak ere sartuko dira eta tenperaturak ez du larregi gora egingo.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.