Astebururako iragarpena
Barixakua: Goizean pasatuko den fronte hotz batek euria utziko digu, zaparradak trumoitsuak ere izan daitezkeelarik. Arratsalderako ostarteak zabaldu eta atertzea espero da, nahiz eta zaparradak guztiz ezin diren baztertu. Ipar mendebaldeko haize finak tenperaturaren beherakada nabarmena eragingo du, eguerdi partean 20ºC-ra nekez helduz.
Zapatua: Ipar mendebaldeko haizea ahulduko bada ere, giro freskoarekin jarraituko dugu. Goizean lainotuta egotea espero da, euri apur batekin akaso. Eguerdian ostarteak zabaldu eta arratsaldean eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Tenperaturari dagokionez ez da aldaketa handirik espero.
Domeka:Zeruan erdi eta goi mailako hodeiak egongo diren arren eguraldi ona izango dugu; ateri eutsiko dio egun guztian zehar eta eguzkiak bere tartea izango du ere. Tenperaturak bost bat gradu irabaziko ditu aurreko egunekin alderatuta, 25ºC-ko muga gaindituz.
Eguazten eta eguenean eragin digun aire masa beroak mediterraneorako bidea hartu du jada. Bihar aire masa fresko eta hezeagoa helduko zaigu Azoreetako antizikloiak bultzaturik. Bi aire masak banatzen dituen fronte hotza da bihar goizean euria utziko diguna. Domekan antizikloia pixka bat gerturatu eta giroa egonkortuko du, eguzkiak Iberiar penintsula zertxobait berotuz, garaian normala den moduan. Hala ere, bero konturik ez gurean.
Datorren asterako eboluzioa
Azoreetako antizikloiaren joan etorrien arabera aste aldakorra izango da datorkiguna. Astelehenean ipar haize ahula berriro sartu eta honek hodeitza ekarriko du Kantauri itsasotik; zirimiria ohikoa izaten da honelako egunetan, udako aire masa epel eta hezeek oraindik nahiko hotz dagoen itsasoarekin duten kontrasteagatik sortua. Martitzenetik aurrera, tenperaturaren gorakada labur baten ostean, berriz beherako bidea hartu eta giro ezegonkorra izango dugu aste osoan zehar, zaparradak eta eguzkia tartekatuz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.