Astebururako iragarpena
Barixakua: Goiz atsegin eta eguzkitsua eta gero, arratsaldean bero hodeiak garatu eta zaparradaren bat utziko dute, trumoitsuak ere izan daitezkeelarik. Haizea ahul eta norabide finkorik gabe ibiliko da. Tenperatura 11-24ºC artean.
Zapatua: Haizeak ipar ukitua hartuko du, ahula izango bada ere. Zaparradak espero dira, tarteka ostarteak zabaldu eta eguzkiaz gozatzeko aukera izango badugu ere. Arratsalde bukaeran hobera egingo du eta iluntzerako ez da zaparradarik espero. Tenperatura dezente jeitsiko da ipar ukituko haizea dela eta, ordu zentraletan 20ºC-ak nekez gaindituz.
Domeka:Eguraldi atsegina izango dugu asteko azken egunean. Egunean zehar bero hodeiak garatzea espero bada ere, hauek euria uzteko probabilitatea baxua da; eta botatzekotan, lau tanta baino ez ditu botako. Tenperaturak berriro pare bat gradu gora, 23ºC inguru arratsaldean.
Europa iparraldean kokaturiko antizikloiak depresioak kontinentearen hegoalde eta zentrura ekarri dizkigu. Egoerak gurean eguraldi zertxobait nahasia solik ekarri badigu ere, Frantzia eta Alemaniako zenbait tokitan bestelako zortea izan dute; albisteetan ikusi ditugun uholde latzak presio baxu hauei loturiko alturako aire hotzak eragin ditu. Urtearen sasoi honetan eguzkiak lurra sendo berotzen du eta atmosferaren goi geruzetan aire hotza egonik osagai guztiak prest dauzkagu ekaitz bortitzak garatzeko.
Datorren asterako eboluzioa
Ekainaren 20a arte uda astronomikoan sartuko ez bagara ere, ekaina bere osotasunean meteorologikoki udako hilabetea kontsideratu ohi da. Gauzak horrela, datorren astean bertan udaren lehen enbitea jasoko dugu seguraski. Astelehen eta martitzenean domekako dinamikarekin jarraituko badugu ere, eguaztenetik aurrera hegotik Afrika iparraldean jatorria duen aire masa bat helduko da. Bete-betean joko ez badigu ere, badirudi eguaztena eta eguena 30ºC-ak urtean lehenenengoz gainditzeko egun aproposak izan litezkela. Hala ere, asko falta da oraindik eta hobe iragarpen hau kontuz hartzea.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.