Giro ezegonkorrak jarraituko du asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko mai. 26a, 15:12

Azken asteotako giro aldakorrarekin jarraituko dugu aste bukaera honetan. Zapatu arratsaldean eta domeka goizean botako du euri gehien, baina zaparradak asteburu guztian zehar bota litzake, noizbehinka bada ere. Tenperaturek udaberriko balio normaletan jarraituko dute, ez hotz, ez bero.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Hodeiak eta ostarteak zeruan, arratsalde partean zaparradaren bat espero daitekeelarik. Hego ukituko haize ahulak tenperatura epel mantenduko du, 12-24ºC artean.

Zapatua: Barixakuaren antzeko eguna izango bada ere, ezegonkortasuna are nabariagoa izango da arratsaldean fronte hotz bat hurbilduko zaigu eta; ondorioz, zaparradak ugariagoak eta mardulagoak izatea espero da. Tenperaturei dagokionez, aldaketa handirik ez.

Domeka:Egunaren lehenengo erdian ipar-mendebaldeko haizeak zaparradak ekarriko dizkigu Kantauri itsasotik, arratsalde bukaeran atertzera eginez. Freskatu egingo du, termometroak 17ºC-ren bueltan etengo dutelarik euren igoera ordu zentraletan.

Azoreetako antizikloiak opor luzeak hartu dituela dirudi udaberri bukaera honetan. Ipar atlantikoan eta Europa hego-mendebaldean presio baxuak dira jaun eta jabe eta horiei loturik dator jasaten ari garen giro ezegonkorra. Aire masak hego ukituarekin badatoz ere, itsasoan daukate jatorria. Ondorioz, jatorri kontinentaleko (Saharako basamortua, kasu) aire masekin ez bezala, tenperatura ez da larregi igotzen eta zaparradek ere badaukate euren tartea.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren astearen lehenengo erdian ez dugu aldaketa handirik espero. Tenperatura maximoak 20ºC-ren bueltan asko jota eta zaparradak arratsalde parteetan batez ere. Aurrerago, udaberrian hain ohikoa den ziurgabetasuna. Hala ere, ez da aipatzeko moduko aldaketarik ikusten momentuz.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.