Astebururako iragarpena
Barixakua: Tenperaturak gorako bidea hartuko du. Haizea orokorrean noraezean ibiliko da, ahul, eta zeruan hodei bakan batzuk espero dira soilik. Ondorioz, giro eguzkitsua eta tenperatura epela, 10-22ºC artean.
Zapatua: Hego haizea egunaren lehenengo zatian, zeruan goi hodei finak besterik ez eta tenperaturak goraka. Arratsaldean zehar hodeiak ugaritu eta euritara joko du azkenean, ekaitzak ere jo dezakeelarik. Orduan, tenperatura ere nabarmen jaitsiko da. Maximoa, hala ere, eguerdi partean emango da eta 27ºC-ra igotzea espero da.
Domeka:Lehenengo orduetan frontea gainean izango dugu, eta goizeko ordu txikitan zaparrada mardulak espero dira. Eguerdi partera arte zeru estalia eta euria izango dugun arren, arratsaldean atertzera egingo du. Ipar ukituko haize ahulak zerua nahiko hodeitsu eta giroa fresko mantenduko ditu, hala ere. Tenperatura 9-16ºC artean.
Meteorologia eta klimatologia liburuetako udaberriko dinamika da bete-betean izaten ari garena. Jatorri ezberdinetako aire masen joan-etorriak, negutik udarako trantsizioan hain ohikoak direnak, dira jaun eta jabe gure latitudeetan eta, ondorioz, eguraldi aldakor eta gorabeheratsua. Aurretik dugun asteburua da honen adibiderik nabarmenena.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira badirudi atlantikoan depresio bat finkatuko dela, Galiziaren ipar-mendebaldean. Honek Iberiar Penintsulan giroa ezegonkortu egingo du nabarmen. Gurean, hego haizea dela eta, eguraldi argiagoa eta beroagoa izaten da horrelako egoeretan. Hala ere, ekaitzek ere zeresana izan ohi dute; izan ere, hego haizeak egunean zehar penintsulako mendi inguruetan garaturiko bero-hodeiak bultzatu ohi ditu gurera.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.