Astebururako iragarpena
Barixakua: Goizean goiz fronte hotz bat igaro eta euria utziko digu. Honen atzetik noizean behin zaparradak helduko dira, eguerdi-arratsalde hasieran ateri eustea espero bada ere. Haizeak fin joko du ipar-mendebaldetik tenperaturak fresko mantenduz, 9-16ºC bitartean.
Zapatua: Zaparrada giroarekin jarraituko dugu, noizean behin mardulak izan daitezkeelarik. Haizeak iparretik jarraituko du eta tenperaturetan aldaketa nabarmenik ez da espero.
Domeka:Goizean goiz euria baztertzen ez bada ere, egunean zehar ateri eustea espero da. Gainera, hodeiek eguna aurrera egin ahala apurtzeko joera hartuko dute, eguerdirako ostarteak zabalduz dagoeneko. Arratsaldean eguzki apur batez gozatzeko aukera izango dugu ere. Ondorioz, tenperatura maximoak pare bat gradu igoko dira.
Iberiar Penintsularen mendebaldean zegoen depresioa gaur, eguena, gainetik pasa eta Europa erdialdera bidaliko du Azoreetako antizikloiak ohikoa den moduan. Ondorioz, ipar haizea izango dugu gurean horrek dakarren guztiarekin. Barixaku eta zapatu goibelak eta gero, domekan antizikloiak kantauri itsasoan muturra sartu eta giro egonkorragoa izango dugu.
Irudia (sakatu irudian handiago ikusteko): Hirlam (ezkerrean) eta ECMWF (eskuman) ereduek barixaku eta domeka eguerdirako, hurrenez hurren, iragarritako mapak. Barixakuan Alpeetan zentraturiko depresioaren eraginpean egongo gara, Azoreetako antizikloiaren laguntzaz gurean ipar haizea eta giro ezegonkorra izanik. Domekarako depresioa urrundu eta antizikloia gerturatuko zaigu; ipar haizearekin jarraituko badugu ere, hau ahulagoa izango da eta antizikloiaren presio altuak giroa egonkortuko du.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren asteari begira garaian oso ohikoa den egoerak jarraituko du. Azoreetako antizikloiak Kantauri itsasoan muturra sartu eta frantziparra (ipar haizea, ekialdeko ukituarekin) bidaliko digu. Ondorioz, euri konturik apenas ez bada izango ere, Kantauri itsasotik hodeiak sar litezke noizean behin zirimiria utziz. Hala ere, honelako egunetan ohikoa izaten da egunaren ordu zentraletan atertu eta ostarteak zabaltzea eguzkiak, maiatzaren erdialdean dagoeneko, duen indarra dela eta.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.