Astebururako iragarpena
Barixakua: Haizea nahiko noraezean ibiliko bada ere, ipar ukitukoa nagusituko da. Ondorioz, Kantauri itsasotik sartuko diren hodeiak ostarte zabal eta eguzkiarekin tartekatuko dira. Iluntzean lainoak ugaritu eta gauean tantaren bat bota lezake. Tenperatura 7-15ºC artean.
Zapatua: Asteburuko egunik goibelena izango da. Goizean fronte hotz batek euria utziko du eta atzetik dakarren aire hotza dela eta giro ezegonkor eta freskoa ekarriko digu. Egunak aurrera egin ahala euria egiteko probabilitatea txikitzen joango da, arratsaldean jada euririk espero ez delarik. Tenperaturak behera egingo du, maximoek kostata 12ºC-ko muga gaindituz.
Domeka: Hobera egingo du eguraldiak nabarmen, garairako nahiko tenperatura hotzak jarraituko badu ere. Zerua zerbait saretuago izatea espero da eta eguzkiak, ostarteetatik igarotzean, giroa zertxobait epelduko du. Tenperatura pare bat gradu igoko da eguerdi eta arratsalde partean.
Azoreetako antizikloiak bultzaturik ipar ukituko haizea izan da nagusi azkeneko asteotan. Asteburuan egoerak jarraituko badu ere, antizikloia gerturatzen hasiko zaigu. Domekan ia-ia gainera etorriko zaigu, baina ipar-ukituko haizea bidaliz beti ere. Honen ondorioz garaiko bataz-bestekoa baino tenperatura hotzagoak.
Izatez, ipar-haize patroi hau negu bukaeratik hona izan da nagusi. Ondorioz, Martxoa adibidez, Euskal Herrian batezbesteko tenperatura baino gradu bat eta bi artean hotzagoa izan zen. Apirila nolakoa izan den eta nola bukatuko den ikusita, ohikoa baino hotzagoa izango dela aurresan daiteke. Informazio hau, nahi duenarentzat hilabetero eskuragarri dago Aemet-en webgunean. Bereziki interesgarria da bertan Igeldoko behatokiko datuak ageri baitira, ia 90 urteko datuak bildurik dauzkana.
Irudia (sakatu irudian handiago ikusteko): Aemet-ek Igeldoko behatokian (Donostia) neurtutako martxoko batezbesteko tenperaturak 1929tik 2016ra (gorriz) eta bertatik ateratako martxoko batezbesteko klimatologikoa (urdin argiz). Aurten batezbestekoa baino 1.2ºC hotzagoa izan da martxoa.
Datorren asterako eboluzioa
Domekan antizikloia gainean jarriko zaigu eta datorren aste hasieran honek baldintzatuko ditu eguraldiaren nondik-norakoak. Gainetik pasa ahala haizeak ipar-ukitua galdu eta hegoaldetik aire epelagoa helduko da, asteartetik aurrera batez ere. Ondorioz, eguzkia azken egunotan baino gehiago ikusteko aukera izango dugu eta tenperaturak udaberri garaiko itxura hartzen joango dira.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.