Astebururako iragarpena
Barixakua: Zerua lainoturik egongo da eta noizean behin euria egingo du, arratsaldean batez ere. Haizea noraezean goizean, ahul iparretik arratsaldean. Tenperatura 8-17ºC artean, arratsaldean hoztuz.
Zapatua: Ipar haize ahulak zerua lainotu eta giroa freskatuko du. Euri asko botako ez badu ere, egun goibela izango da eta noiznahi bota lezake zaparradaren bat. Maximoak 15ºC azpitik geratuko dira.
Domeka: Aldaketa handirik ez domekan. Ipar haize ahula, zeru estalia eta fresko egingo du. Tenperaturak beste gradu pare bat jaitsiko dira, 12ºC inguruko maximoa emango delarik ordu zentraletan.
Atlantikoan Portugal parean geldi-geldizegoendepresio gunea ahulduz joan da eta asteburuan desagertzeko joera hartuko du. Ipar Atlantikoko antizikloiak indarra hartu eta gurera ipar haizea bidaliko du. Ondorioz tenperaturek beherako bidea hartuko dute.
Irudia (sakatu irudian handiago ikusteko): Aemet-ek zapatu eguerdirako itsasmailan iragarritako presioa eta sistema frontalak. Ipar Atlantikoan antizikloi sendoa eta gurean isobarak iparretik-hegorako norabidean. Isobarak, hala ere, ez daude oso pilaturik gure gainean eta ondorioz haizea ahula izango da. Ageri den fronte okluituak (morea) arratsaldean euria ekarriko digu.
Datorren asterako eboluzioa
Ipar ukituko haizearekin jarraitzea espero dugu. Ondorioz, eguzkiak jada indarra badu ere, giro nahiko freskoarekin jarraituko dugu. Astearen lehenengo erdian ateri eustea espero da, bigarren erdian okerrera eginez ziurrenik; oraindik asko falta da hala ere.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.