Astebururako iragarpena
Barixakua: Ipar mendebaldeko haizeak giro hezea eta hotza ekarriko dizkigu. Kopuru aldetik asko botako ez badu ere, eguneko edozein momentutan bota lezake zaparradaren bat. Tenperatura 6-11ºC bitartean.
Zapatua: Lehenik fronte bero bat eta gero fronte hotz bat gerturatuko zaizkigu. Hala ere, ez dira gain-gainetik pasako eta, ondorioz, hodeitsua bai, baina ez da egun euritsua izango. Haizeak ipar ukitua galdu eta mendebaldetik finkatuko da. Tenperaturan aipatzeko moduko aldaketarik ez.
Domeka: Haizeak hego ukitua hartu eta ondorioz zerua zerbait garbitu eta giroa epelduko du. Egunaren bukaeran fronte hotz bat gerturatu liteke zaparradaren bat utziz, baina litekeena da dagoeneko asteleheneko ordu txikitan heltzea. Tenperatura 9-17ºC artean.
Kantauri itsasoko fronte paseak hilabetez jarraitzen du dagoeneko. Ondorioz, egunetik egunera eta egunean bertan ere eguraldia asko alda daiteke. Bataz bestean baino hotzagoa eta askoz hezeagoa izan den martxoa eta gero apirilaren hasiera antzera portatu da.
Datorren asterako eboluzioa
Astearen hasieran iberiar penintsularen mendebaldean Atlantikoan geldi geratuko den depresio batek penintsulan giro ezegonkorra sortuko du baina gurean hego ukituko haizea dela eta, zaparrada solteren bat salbu, argi eta lehor eutsiko dio. Asteak aurrera egin ahala depresioa ahultzen joan eta aurrerago egoera alda badaiteke ere, gurean ekarriko dituen ondorioak momentuz aurreratzeko zailak dira.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.