Hego haizeak asteburua epelduko du

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko api. 1a, 14:10

Aste bukaeran hego haizea berriro sartu eta nabarmen igoko da tenperatura. Zerua ere nahiko garbi egongo da eta domeka arratsaldean salbu, zaparradak eta ekaitzak espero batira, ez da euri konturik espero.

Astebururako iragarpena
Barixakua: Eguena hoztu eta buzti zuten ipar haizeak jarraituko du, baina zerua garbitzera egingo du eta arratsaldean ateri egotea espero da. Tenperaturak nahiko baxu jarraituko du, 5-12ºC artean.
Zapatua: Goiza hotza izango da zerua garbi egongo baita. Eguerdirako eguzkiak eta hego haizeak giroa dezente berotuko du, 20ºC ingurura iritsiz ordu zentraletan. Zeruan erdi eta goi mailako hodeiak, arratsaldean batez ere, baina konsekuentzia barik.
Domeka: Hego haizeak eta giro epelak jarraituko du. Arratsaldean ekaitzak sortuko ditu iberiar penintsula barnealdean mendebaldetik gerturatuko de fronte batek, eta gurera hego haizeak bultzatuta heldu litezke, zaparradak utziz. Goizeko tenperatura nabarmen gora, maximoetan aldaketarik ez.

Azken asteotan mendebaldeko zirkulazioak baldintzatu digu eguratsa Atlantikotik aire masak bidaliz; haizeak hegotik jotean epel eta ateri, iparretik jotean fresko eta euritsu. Udaberrian ohikoa den giro nahasiak horrela jarraitzea espero da.

Datorren asterako eboluzioa
Egoerak antzera jarraituko du aste hasieran. Mendebaldeko zirkulazioa, heldu eta joango diren fronteek eguraldia zehaztuz. Ondorioz, eguraldi aldakorra izango dugu. Astean zehar Azoreetako antizikloiak indarra hartu, iparrera mugitu eta ipar haizea sartuko du gurean. Hortaz astearen bigarren zatia hotza eta nahiko negu girokoa espero dugu.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.