Astebururako iragarpena
Eguen arratsaldea: Goizean zerua estali duten behe mailako hodeiak desegitea espero da. Tenperatura freskoak jarraituko du, 11-13ºC-ren bueltan.
Barixakua: Fronte ahul baten buztanak zeharkatuko du kantauri itsasoa goiz goibela eta euri apur bat utziz. Hala ere, eguerditik aurrera atertu eta zerbait argituko du. Haizeak mendebaldetikahul joko du, eta tenperatura 6-15ºC artean mugituko da.
Zapatua: Hego-mendebaldeko haize biziarekin hasiko da eguna, gauean helduko den fronte hotza heldu aurretik izan ohi den moduan. Hortaz, goizean goiz hodei gutxi izango da zeruan, baina egunean zehar ugaritzen joango dira. Gauean frontea heldu eta haizeak ipar-mendebaldera aldatzearekin batera euritara joko du. Tenperatura egunean zehar aurreko egunekoa baino altuagoa izango da hego ukituko haizea dela eta; frontea heltzean, ordea, nabarmen jaitsiko da.
Domeka: Zapatuaren alderantzizko eguna: goizean zaparradaren bat, ateri eta argi arratsaldean. Tenperaturari dagokionez, zertxobait freskatuko du.
Astelehena: Egun nahasia eta haizetsua izango da, zakar joko baitu hego-mendebaldetik. Egun guztian zehar noizean behin zaparradaren bat bota lezake. Hala ere, hego ukituko haizea dela eta ez du inola ere etengabe botako, eta ostarteak ere zabalduko dira. Tenperaturek berriro pixkat bat gora egingo dute. Britainiar uharteetan zegoen antizikloia ahuldu eta bere lekua presio baxuek hartu dute. Presioak beherago jeistea espero da oraindik ere, gurean mendebaldeko aire fluxua eta Atlantikotik aire masak bidaliz. Ondorioz, fronteak joan, fronteak etorri, giro nahasi eta aldakorra, udaberrian ohikoa izaten dena. Honelako egoeretan, hotz eta bero konturik ez: epel.
Irudia (Sakatu irudian handiago ikusteko): Aemet-ek zapatu eguerdirako iragarritako itsas-mailako presioa eta sistema frontalak. Britainiar irlen mendebaldean zentraturik, iberiar penintsulan mendebaldeko aire fluxua izango dugu.
Datorren asterako eboluzioa
Mendebaldeko zirkulazio zonal deiturikoak jarraituko du. Bost egunetatik aurrera fronteak noiz heldu eta noiz joan aurresatea ezinezkoa da holako egoeretan. Errazagoa, hala ere, noizbait heldu helduko direla aurresatea. Praktikoki, funtsean, eguraldiak antzera jarraituko du.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.