Asteburu nahasia

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko mar. 17a, 11:27

Martxoan bete-betean sartuta eta udaberria ate-joka daukagula, eguraldi nahasi eta aldakorra izango dugu asteburuan. Hiru egunetan euria egin badezake ere, aterruneak nagusituko dira. Goizetan izan ezik, hotz konturik ez da espero.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna hotzetik hasiko da, zerua nahiko garbi agertuko da eta. Goizean zehar zeruan hodeiak ugaritu egingo dira, egun guztian zehar ostarteekin tartekatuz. Noizean behin zaparrada ahulen bat bota badezake ere, arratsaldean espero da euri gehien. Haizeak hego-ekialdetik ahul joko du, eta tenperatura 3-14ºC artean mugituko da.

Zapatua: Barixakuaren antzera, zaparradak ater uneekin tartekatuko dira. Tenperaturan aldaketa nabarmenik ez, goizean epelago akaso zeru hodeitsua dela eta. Haize ahula, hego-ekialdetik.

Domeka: Zaparradak urriagoak izango dira aurreko egunetan baino eta tenperatura graduren bat jaitsi daiteke. Haizea ahul eta noraezean ibiliko da. 

Antizikloi sendo batek britainiar irletan kokatuta jarraitzen du. Bere hegoaldean egonik, penintsulara aire masa ezegonkorrak ekialdetik eta mendebaldetik sar daitezke. Aire hotz eta presio baxu honi esker penintsula osoan giro euritsua izango da, eta gu ez gara libratuko. Hala ere, honelako egoerak gurean ez dira inola ere euri gehien ekartzen dizkigutenak.

Irudia (Sakatu irudian handiago ikusteko): Aemet-ek barixaku eguerdirako iragarritako itsas-mailako presioa eta sistema frontalak. Antizikloia britainiar irletan zentraturik, penintsulan presio baxuak eta aire masa ezegonkorrak sartuz.

Datorren asterako eboluzioa

Astearen hasieran egoerak berdin antzean jarraituko du. Presio baxua eta aire masa hotza (alturan batez ere) Iberiar penintsulan isolatuko da eta giro zaparradatsua eragingo du. Aste bukaerarako depresio gunea Mediterraneo itsasora joatea espero da, Azoreetako antizikloiak muturra sartu eta ipar haizea eraginez gurean. Hala ere, eguzkiak ipar hemisferioan indarra hartzearekin batera, Martxoan aire masak neguan baino dezente gehiago mugitzen dira. Ondorioz, epe ertain eta luzerako iragarpenek are eta sinesgarritasun gutxiago daukate.

 

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.