Asteburu hotz eta euritsua

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko mar. 3a, 10:47

Ipar haizeak hotza eta euria ekarriko dizkigu berriz ere. Ez du joan den asteburuan bezain beste botako, baina negu giroko asteburua izango da aurretik daukaguna. Barixaku arratsaldean hasita zaparradak aste bukaera guztian zehar emango dira, eta baita datorren aste hasieran ere. Elur kontuak mendigainera mugatuko dira, kota 400-700m artean mugituz asteburu osoan zehar.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna ateri hasiko da hego haizearekin. Eguerdi partean fronte hotz bat helduko da eta euritara joko du, haizeak ipar-mendebaldera egitearekin batera tenperatura nabarmen jaitsiz. Ekaitzak ere jo lezake arratsaldean, kazkabarra eta guzti. Termometroak 6-14ºC artean.

Zapatua: Ipar-mendebaldeko haizeak eta goi geruzetako aire hotzak zaparrada mardulak ekarriko dizkigu Kantauri itsasotik, tarteka trumoitsuak eta kazkabarrarekin. Ez du etengabe botako hala ere. Tenperaturak behera, 4-9ºC artean.

Domeka: Zapatuaren antzera, zaparradak noiznahi, ipar-mendebaldeko haizea eta hotza. Tenperaturetan aldaketarik ez.

Joan den asteburuko egoeraren antzekoa izango da asteburu honetakoa ere, depresioa gainetik pasako ez zaigun arren kasu honetan. Azoreetako antizikloiak izena ematen dion lekuan zentraturik jarraitzen du eta momentuz ez dauka mugitzeko asmorik. Azken asteotako ipar-haizea eta giro ezegonkorra honi leporatu beharra daukagu.

Datorren asterako eboluzioa

Esan bezala, datorren astea ere ipar ukituko haizeak baldintzaturik dator. Ondorioz, giro hezea eta hotza gurean. Martitzena izango da egun hotzena, prezipitazio ahulagoak espero badira ere aurreko egunekin konparatuz. Aurrerago antizikloia gerturatuko zaigula dirudi giroa zertxobait egonkortuz, baina ipar haizeak eta giro hezeak jarraituko du.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.